XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Donostiara iritsi da Ertzaintza.

Laurehun agente inguru hiriko segurtasunaz arduratuko dira gaurtik aurrera.

Gaurdanik Donostian hedatuta dago Ertzaintza.

Hiru komisaldegitan banatutako 400 agente inguru herritarren segurtasunaz, Martuteneko kartzelaren zaintzaz eta orden publikoaren kontrolaz arduratuko dira aurrerantzean.

Ertzaintza hedatzen den EAEko lehen hiriburua da Donostia.

Eskuetan duzun egunkaria kioskoetan agertu denerako, Ertzaintzak zenbait ordu zeramatzan dagoeneko Donostiako kaleetatik patruilatzen, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak Madrilekin adosturiko hedapen plangintzan urrats berria emanez.

Guztira 424 izango dira aurrerantzean, beste eginkizunen artean, hiriko segurtasunaz, Martuteneko kartzelako zaintzaz eta manifestaldien kontrolaz arduratuko diren ertzainak.

Donostia izan da Ertzaintzaren hedapena ezagutu duen Euskal Autonomi Elkarteko lehen hiriburua.

Urte amaieran Bilbok hartuko dio lekukoa eta 1995ean Gasteizi helduko zaio txanda.

Datorren hilaren 15ean Irunen eta Hondarribian zabaldu ondoren, Ertzaintzaren hedapena osaturik egongo da Gipuzkoari dagokionez, herrialde honetan guztira 13 komisaldegi eta 2.000 agente inguru izango dituelarik.

Une honetan Bizkaian 2.512 ertzain daude eta Araban 1.492.

Lehen hilabete hauetan bi komisaldegi izango ditu polizia autonomikoak Donostian, bata Intxaurrondo auzoan, eta bestea Amaran.

Uda aldera zabalduko da Antigua auzoan, Ondarreta hondartzaren ondoan eraikitzen ari den beste komisaldegia.

Udaltzaingoarekin koordinazioan, Ertzaintzaren 36 auto-patruilak Donostiako kaleak zainduko dituzte eta auzo ezberdinetan lau furgoneta jarriko dira herritarren deiari lehenbailehen erantzuteko asmoz.

GREBA ETA MANIFESTALDIEN KONTROLA

Gernikako Estatutuak, bere 17. artikuluan, ematen dizkion konpetentzia guztiak bere gain hartuko ditu Ertzaintzak Donostian, alegia, hiri arteko inguruen trafikoa eta hiritar segurtasunaren arloko eginkizunak: manifestaldi, istilu eta greben kontrola; lapurketak, liskarrak, droga trafikoa; instituzio, epaitegi eta kartzelen zaintza eta indarkeriaren aurkako borroka.

Honek zenbait aldaketa ekarriko ditu: esaterako, Realaren partiduetan eta Anoetako estadioaren inguruetan Polizia Nazionala ikustera ohituta zeuden zaletuek Ertzaintza ikusiko dute.

Halaber, manifestaldia antolatu nahi dutenek Barne Sailean egin beharko dute eskaera.

Hasierako lanetako bat datorren ostegunean izango du Ertzaintzak, greba orokorra dela eta Donostian egingo diren manifestaldiak bere kontrolpean egongo baitira.

Lehergailuak indargabetzeko hamar artezilarik osatutako talde iraunkorra izango du Ertzaintzak Donostian.

Ez da gauza bera gertatuko beltzekin, Iurretako egoitza zentralean jarraituko dute eta.

Hedapenaren ondorioz, Estatuko Segurtasun Indarren lan esparrua murriztuko da, ez ordea beren agente kopurua, Gurrutxaga Gipuzkoako gobernadore zibilak adierazi duenez.

Polizia Nazionalak autonomi elkartearen mugaz gaindiko delituak ikertu eta lan administratiboak (errefuxiatuen asiloa, karnetak, pasaporteak,...) egingo ditu.

Goardia Zibilaren esku geratuko da presoak EAEtik kanpora trasladatzea, aireportu, portu, aduana eta mugak zaintzea, kontrabando delituak ikertzea eta armak eta lehergailuei buruzko eskumena.

Guztira bi mila ertzain izango dira Gipuzkoako 13 komisaldegitan.